(Edukira joan)

Musika Nafarroan

Biolin-jotzaile

Nafarroak beti izan du musikarekiko sentsibilitate berezia. Bere historian izan dira entzute handiko izenak, nazioarteko musikan nabarmendu direnak. Garai guztietako egunerokotasuna, berriz, balio handiko musikarien eta maisuen lekuko izan da; izan ere, Nafarroako leku askotan, baita herri txikietan ere, bizi izan dira abesbatzaz, musika eskolaz, organoez edo orkestra txiki batez arduratuta egon diren balio handiko musikari eta maisuak.  Horrela landu dute, errotutako beste adierazpide artistiko eta tradizionalekin batera, Nafarroaren nortasunaren izpiritua.

Egungo Nafarroako gizarteak, musikari dion gorespen eta estimu horrekin, musika du oinarri sendoenetariko bat, bere kulturaren eta hezkuntzaren, bere ekimenaren eta etorkizun hobeari begirako aurrerapen sozialaren oinarri dena, alegia.

Musika Hezkuntzak Nafarroan duen tamaina eta garrantzia begi bistakoak dira; izan ere, begiratzea besterik ez dago hezkuntza sektore honetako zenbait zifra handiri. Gure erkidegoan 47 udal musika eskola daude, zenbait eskola pribatuz gain, eta euren ikasleak 10.000 baino gehiago dira. “Pablo Sarasate” kontserbatorio profesionalean 529 ikasle eta 81 irakasle daude, eta Goi Mailako Kontserbatorioan 87 irakasle eta 316  ikasle daude matrikulatuta 49 espezialitateetan, prestakuntza emanez hainbat instrumentutan: orkestra sinfonikoko guztiak, antzinako musikako batzuk, musika herrikoi eta tradizionaleko batzuk, jazza, kantua, konposizioa eta musikologia.

Nafarroako Gobernua erabat sinetsita dago musika ikasketak garrantzitsuak direla hezkuntza sistemaren osotasunean eta horregatik aurrerapauso nabarmenak eman ditu ikasketa horiek bultzatzeko eta diru-kopuru handiko baliabide bereziak jarri ditu, esparru honetako jarduerak ahalik eta hobekien garatu daitezen eta erreferente izan daitezen Espainiako erkidegoen artean eta nazioarte mailan.

Nafarroako Gobernuak musika hezkuntzari emandako bultzada guztietan gehien gailentzen dena eraikin handi bat egitea eta hornitzea izan da, 17.000 metro koadrokoa;  bertan, 2011tik aitzina, Iruñeko Mendebaldea auzoan, bi kontserbatorioak egongo dira, Pablo Sarasate Kontserbatorio Profesionala eta Goi Mailako Kontserbatorio hau. Nafarroako Musikaren Hiri honen eta bere jardueren helburu nagusia da musika ikasketei kalitate handia ematea,  eta erdiestea gure Erkidegoa musikarengatik eta kulturarengatik nabarmentzea maila nazionalean eta nazioarte mailan.


(Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentearen hitzak, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, 2009ko azaroaren 20an, Santa Cecilia jaia dela-eta adieraziak)  


Diseinua eta garapena: iLUNE